XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KARNABA - Andretxo: Ziburu-ko arrantzale zahar batek kontatuta zekizkinat guztiok, baina, oraindik ez dinat amaitu.

Orduantxe esango didan Karnaba-k ergelkeriak (txorakeriak) kontatzen dizkinan ala ez.

Horra ba: Axular sonatuari ere, deabruaren pikardia guztiak ikasteko gogoa sortu omen zitzaionan eta haren eskolarako apuntatu zunan.

Estudioak bukatuta, Jaun Galtza gorrik atera zizkinan, ohi bezala, ikasle guztiak lerro-lerro, eta gure apez gizagaisoa, pikardiak ikasteko motela baitzen koitadua, azkena gelditu zunan.

Axular-ek bere arima galduta ikusi zuenean eternitate guztiko, honela deihadar egin omen zion deabruari: Heldu, heldu, ene atzekoari! (gibelekoari).

Galtzagorri-k hori entzun orduko, Axular-en atzetik (gibeletik) beste norbait zetorrelakoan, atzaparrak rau! bota omen zizkionan; baina, besterik ezean, Sara-ko erretore jaunaren itzalarekin gelditu omen zen eskuartean.

Axular, geroztik denek diotenez itzalik gabe bizi izan zunan.

LUIXA - Gizona itzalik gabe? Ja, jai! Eguzkirik ez denean, noski!

KARNABA - Zer uste dun? Istorio harrigarriak kontatzen euk bakarrik dakinala?

LUIXA - Neure istorioak, ordea, zentzuzkoak dituk eta herrian bertakoak; hireak berriz, zentzugabeak eta Jainkoak daki nongoak. Beraz, utz iezadak, otoi, neure esanbeharra bukatzen... Zera esaten nian: alegia, baldintza xelebre hori jarri ziotela, Salamanca-ra joatekoa, bestela ezkontzarik ez zela izango. Pello jaunak, ezin bestean, amore eman zian. Horretxegatik esaten nioan Joxepa-ri, horiek azpikeriaz dabiltzala, txarkeria hutsez, zapokerian...

KARNABA - Eta hori beste esanbeharrik ez al dun?

LUIXA - Gutxitxo esan diat, bada. Zer gehiago nahi duk?